XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Udaberrian, pikondotxoa bere hostoen berri ematera zihoanean, Lolori ez zitzaion odola berritu.

Defentsarik gabe geratzen ari zela zioen odol analisiak.

Odola txuritzen bezala sentitu zuen Lolok.

Nekearen bizilekua zen bere gorputza, eta bizileku horren leihoetatik zihoakion bizitza.

Eta baten batek aihotzez jo, ebaki izan balu bezala sentitu zuen bere burua ere... bizitzaren zementu-azalera horretan.

Pikondotxoari begira, haren sustraiak noraino lurperatzen ziren aztertzen hasi zen Lolo.

Zainen harizpien hurrupadek bizitzeko adina bizipoz ekarriko ote zioten ala ez begira.

Eta haurtzarora jaitsi zen bere enbor horretatik, gazte denbora kurritu, familiaren pobreziak dastatu, drogak eragindako lehen bidaia hura eta... eta ez zen gelditu.

Egunak eta egunak, gau asko egin zituen Lolok bere lurraren sustratuan.

Zeri heltzen dio pikondotxoak bizirik irauteko?

Euria ari zuela esnatu zen.

Ez, ez zen goizetik

Gaueko hamarrak izango ziren, eta ziega barnean utzia zioten afaria: erretiluan itsatsitako hanburgesa arrosa bi haiek.

Zutitu, patioari so egin, tanta jariatzearen soinua aditu.

Ura sustraietaraino jaisten da: ura elikadura.

Euria, tronpatuta-edo, beste aldera eroriko balitz, akaso izarrak bustiko lirateke, orain gu bezala?, galdetu zuen Lolok, pentsaera edo eldarnioa ote zen bereizi gabe.

Putzuetan gelditzen zen fokuen argi motel hura.

Eta halakoetan Gloria zetorkion gogora.